Shakespeare euskaraz biziberritzea Oihenart biziberritzea ere bada, edo Etxeberri biak, edo Lauaxeta, Lizardi zein Lazarraga, eta are Leizarraga, Aresti nahiz Atsular. Juan Garziak horienean jo du atea kox-kox, baina ez gutxiago Bernat Etxepareren erritmo-errimetan edo ahozko tradizioko ereduetan, bertsolaritza zaharrean edo orainagoko idazle nahiz itzultzaileen ekarrietan. Soneto hauek irakurri-entzun ahala, gure kultura literarioaren soinutxo hori atzematen da, kultura unibertsalarekin parez pare mintzatzen jarria.